2014(e)ko urriaren 13(a), astelehena

Ihidieta, parke ala industrialde?

Martxel Aizpurua, Arkamurkako kidea: “Gurpila gelditu egin behar da”


by  on 2014/09/30 in INGURUMENA

Itxasmendi auzoaren aurrean dago Irita–Arkamurka natur taldekoek Ihidieta deitzen diote–, Abendaño eta Asti errekek bat egiten duten gunean. Sastrakaz, kanaberaz eta beste hainbat landarez josita dago, abandonatuta itxuraz. «Itxuraz», dio taldeko kide Martxel Aizpuruak; izan ere, proiektu bat badago aurreikusita gune horretan. «Bata txuriko» industriagune bat egiteko asmoa dute,  zentro teknologiko bat. Zenbait pauso eman dituzte—desjabetzeak, kasu— proiektu hori gauzatzeko, baina Ura agentziak atzera bota du Sprilurren urbanizazio plana, guneak urez gainezka egiteko duen arriskuagatik. «Traba» hori aprobetxatuz, Arkamurkakoen arabera orain da «unea» industrialdea alde batera utzi, eta Erriberetako parkea gauzatzeko.
Ihidieta, parke ala industrialde? hitzaldia eskainiko du Aizpuruak gaur, Arkamurkaren egoitzan (Santa Marina kalea, 2, 2) 20:30ean.
MARTXEL_AIZPURUA copia
(Aritz Mutiozabal/Hitza)

Zergatik trabatu du ur agentziak Iritako urbanizazio plana?
Zonalde honetako lur asko urak hartzen ditu. Badago uholde arriskuei buruzko lege bat, eta horren arabera, halako guneetan ez litzakete ezer eraiki beharko. Urak gainezka egiten duen hori aprobetxatuz, gure helburua da Iritaren berezko izaera errespetatu eta berreskuratzea, gune hori naturalizatzeko.

Eta hainbat pauso eman duzue horretarako. Zein puntutan dago?
Duela 28 urte Erriberetako parkearen proiektua aurkeztu genuenean, udalak esan zigun horren %85 onargarria zela. Gero, ordea, guraizeak sartu zituzten, eta ondorioz, momentuz Iñurritzako biotopoa mantentzea lortu dugu. Guk aldarrikatu dugu horixe bera egin daitekeela estuario guztirako. Alegia, errekak itsasoratzen diren lekutik hasi eta Astiko erreka txikietaraino, zonalde hori guztia berreskuragarria dela eta horrek izan beharko lukeela Zarautzen muga naturaletako bat.

Zeintzuk dira muga horiek?
Proiektua aurkeztu genuenean, hain zuzen, Joxe Mari Aranburu arkitektoak esan zuen hori. Eusko Jaurlaritzako Hirigintzako zenbait bulego zeuden Donostian, eta bertako buru zen Aranburu. Hark ongi ezagutzen zuen gune hau eta zera esaten zuen: Erdi Aroan herriak harresiz inguratzen zirela, eta herriek horien barruan kabitu behar zutela, derrigor. Estilo horretako gudak amaitu direnean, ez dago harresien beharrik, eta hortaz, herriak olioa bezala ari dira zabaltzen. Zarautzek, ordea, bere harresiak badituela esaten zuen Aranburuk, bilatu egin behar direla baina badituela: iparraldetik itsasoa, mendebaldetik mendia, hegoaldetik autobidea eta ekialdetik ibaia.

Eta zuek bat zatozte harekin.
Bai. Erriberetako parkeak herrigunearen muga izan beharko lukeela diogu. Parke naturalizatua, eta,aldi berean, herritarren aisialdirako gune. Ikaragarri aberatsa da, gainera; izan ere, erkidegoan aurkitzen ez den flora dugu hemen, eta fauna ere bai. Lau saguzar espezie aurkitu ditugu Arkamurkakook Iritan ultrasoinuen bidez, esaterako.

Eta, zergatik da estrategikoa Irita Erriberetako parkea osatzeko?
Irita une honetan parkea izango litzatekeenaren erdigunea da. Alde batean dugu Iñurritzako biotopoa, eta bestean Asti. Erdian bi errekak elkartzen diren gunea dago, Irita,  eta gure helburua da hiru guneak batu eta Erriberetako parkea osatzea. Baina, industriaz betetzen badute Irita, batasun hori moztu egingo da.

Zein da hurrengo pausoa?
Ura agentziak 2015 bukaerarako Zarauzko uholde arriskuen plana osatu behar du, eta puntu horretan txertatu nahiko genuke gure egitasmoa. Irita urbanizatzeari dagokionez, ordea, gauzak oso aurreratuta daude, desjabetzeak eginak dituzte… Beraz, industrialdearen proiektu hori atzera botatzen badute, diru mugimendu handiak egongo dira, kalteordainak ordaindu beharko dira, eta horrek traba asko ekarriko ditu.

Zer ondorioztatutako du uholde arriskuaren inguruko plan horrek?
Agentziak uholdeak saihesteko plana egiten duenean ikusiko dute ea zona hori naturalizatzeak bertan urak gainezka egiten duenean sortzen diren arazoei irtenbidea emango dien ala ez. Marea gora tokatzen denean, Iritan berez dagoen ura askatu daiteke, ur maila igotzen denean urtegi natural bat osatu eta urez betez Asti eta Irita. Hau da, Iritaren berezko funtzionamendua izan dadila uholdeak ekiditeko irtenbidea. Une honetan horren zain gaude. Ur agentziarekin, aldundiarekin eta udalarekin zerbait lortu nahi dugu, uholde arriskua kontuan hartuta, Erriberetako parkea gauzatu ahal izateko. Gurpila gelditu egin behar da. Eta orain da horretarako une aproposa.

Zarauzko duna eta hezeguneak. Gaurko egoera eta Arkamurkaren proiektua, Martxel Aizpuruaren eskutik HEMEN

Zarauzko Iñurritzako padura eta haren inguruak naturaren kontserbazioaren eta hirigintzaplanen arteko hari finaren gainean mintzo da Martxel Aizpurua.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mundu guztia da libre nahi duen iritzia emateko, baina eskertuko genuke mezu anonimorik ez bidaltzea; zeini zuzendu behar gatzaizkion jakiteko mezuaren bukaeran norberaren izena jarri mesedez.
Ez da irainik onartuko, eta errespetu-falta sumatzen badugu jakin bedi mezua borratua izango dela.
Eskerrikasko.